Antolatzailea: Lasarte-Oriako Gazteria eta Festa saila
Aurkezteko epea: 2010eko apirilaren 19tik maiatzaren 14ra
Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak antolatzen duen musika maketa lehiaketako hirugarren edizioa martxan da dagoeneko. Edozein estilotako taldeek eta bakarlariek parte hartu ahal izango dute (musika klasikoa salbu), beti ere, modu komertzialean editatutako materiala ez badute. Irabazleek kontzertu bat eskainiko dute hurrengo San Pedro jaietan.
Ekimen honekin sailak udalerriko musika talde ezberdinak sustatu nahi ditu eta bultzada eman nahi die lanean jarraitzeko.
Taldeak eta bakarlariak nazionalak edo internazionalak izan daitezke, partaideetako bat Lasarte-Orian erroldatuta egoteko beharrik gabe. Aurreko edizioetako irabazleek ezingo dute parte hartu. Lehiaketan izena emateko partaide bakoitzak hiru kanta aurkeztu beharko ditu eta horietako bik gutxienez originalak izan beharko dute. Abesti bakoitzak hiru minutuko iraupena izan beharko du, gutxi gorabehera, eta MP3 formatuan egon beharko dute.
Kantuekin batera, talde edo bakarlari bakoitzak
izena emateko fitxa aurkeztu beharko du behar bezala beteta eta, horrez gain, taldearen argazki bat. Hiru abestiek, izena emateko fitxak eta argazkiak ezingo dute 15MB baino gehiago eduki. Maketak helbide honetara bidali behar dira apirilaren 19tik maiatzaren 14ra:
maketak@lasarte-oria.org. Epe horretatik kanpo ez dira onartuko.
Irabazleek 1.000 euroko saria jasoko dute metalikoan. Epaimahaiak Lasarte-Oria saria emango du baita ere, 700 eurokoa izango dena. Hori irabazteko aukera izateko taldeko %50k Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko du. Maketa berdinak ezingo ditu bi sariak jaso.
Lehiaketako epaimahaia Gazteria eta Festetako batzordeak izendatuko du eta bere osaera lehiaketaren erabakiarekin batera emango da ezagutzera. Azken baloraziorako ez da kontuan hartuko grabaketaren kalitate teknikoa, beti ere, musika eta letra ondo entzuten direnean.