Lasarte-Oriako Udalak iradokizunen idatzi bat aurkeztu dio Euskadiko Errepideen Bigarren Plan Orokorraren Berrikusketaren Aurrerapenari, 2005-2016 urteei dagokiena.
Udalerriko interesak defendatzeko asmoarekin, Ana Urchueguía alkateak zenbait iradokizun aurkeztu ditu, izan ere, Aurrerapenean jaso dira Donostiako Bigarren Ingurabidea eta N-1 errepidearen birmoldaketa Oriako gasolindegiaren parean. Bi jarduerek eragina dute Lasarte-Orian.
Alkateak idatzian azaldu duen moduan, “Plan Orokorrean jaso dena aplikatzea kaltegarria da Lasarte-Oriarentzat”. “Momentu honetan N-1 errepideko trafikoarengatik jasaten duen egoera ez da hobetuko, baizik eta kontrakoa, izan ere, hiri-ingurua zeharkatzen trafiko intentsitate handiagoa jasango duen Gipuzkoako udalerri bakarra izango da”.
Urchueguiak idatziko beste puntuetako batean adierazi duen moduan, Lasarte-Oria Ingurumen Integrazio Hobekuntza Programaren aplikazioan sartu arren, “neurriak ez dira nahikoak”. “Zarata zuzentzeko beharra jasota badago ere, neurriak ez dira esplizituki jarri Ingurumen-Inpaktuko Ebaluazio Bateratuan, ez dute aplikazio egutegi bat Planaren barne (2005-2016) eta, horretara zuzendutako aurrekontua ez da nahikoa Planaren beraren ingurumen helburuak betetzeko”.
Azkenik, alkatearen ustetan, “Aurrerapen dokumentuak jaso behar ditu Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialak aurreikusitako ekintzak”. Honek aukera emango luke N-1 errepideari Hiri-Zeharbide izaera emateko Lasarte-Oriatik pasatzen den tartean “orain jasanezina den egoera zuzenduz”.
Kasu horretan hartu beharreko neurriak izango lirateke, batetik, Andoain eta Lasarte-Oria arteko bidea birmoldatzea, errepidea Oria ibaiko ezkerraldera zabalduz. Bestetik, Zubietatik barrena lotura berri bat egitea N-1 eta N-634 artea. Eta, azkenik, lotura berri bat aipatutako bi errepide horien artea Oria ibaiaren ezkerraldetik, Oriako bidegurutzetik Txikierdiko lotura berriraino, Zubietatik. Horrela irtenbidea emango litzaieke etorkizuneko Zubietarako sarbideei.