Alkoholiko Anonimoak elkartearen 73. urteurrenarekin bat etorriz, Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak kontzientziazio lan bat aurrera eramateko asmoa du alkoholismoaren inguruan. Horretarako, ekitaldi bat antolatu du ostiral honetarako eta EPAko Lan eta Lan eta Emakumeen Zentro Zibikoko antzerki taldeek parte hartuko dute.
Hitzordua 19.30ean izango da Manuel Lekuona kultur etxean eta sarrera doakoa. Lan eta Lan taldeak El secreto bien guardado antzerki obra prestatu du eta horretan parte hartuko dute Domi Muñiz, Adolfo Pérez, Manoli Fernández, María José Gonzalo eta Esperanza García, Ana Mirandaren zuzendaritzapean. Horrez gain, Aureliano Pablok Como un libro poemaren antzeztutako irakurketa egingo du.
Zentro Zibikoko emakumeen antzerki taldeak A mí sin alcohol gracias lana prestatu du, alkoholaren kontsumoak etxebizitza batean nola eragiten duen erakusten duena. María Aguirre eta Estitxu Mentaberriren zuzendaritzapean, eszenatokian izango dira María Rosales, Noemí Fernández, Agus Pérez, Maite Crespo, Yolanda Redondo, Erun González, Dami López, Manoli Fernández eta Esperanza García.
Gizarte Zerbitzuetako saileko lehendakaria den Lourdes Acevedok azaldu duen moduan, “gure helburua da gazteriarekin ere kontzientziazio lan bat egitea, eta horretarako aurreikusita dugu ekitaldia eskoletan ere aurkeztea”. “Sailean ikusten dugu garrantzitsua dela alkoholismoa bezalako gai bat lantzea, izan ere, biolentzia bezalako beste arazo batzuk kontsumoaren ondorio izan daitezke”.
Acevedok bere esker ona azpimarratu nahi izan du parte hartuko duten bi taldeei.