Lasarte-Oriako Udaleko Plenoak hasieraz onartu du Babes Publikoko Etxebizitzen Erregimena Arautzeko Ordenantza. Honek jasotzen ditu, besteak beste, eskatzaileen erregistroaren sorrera, etxebizitza bat eskuratu ahal izateko betekizunak, ezarri daitezkeen babes-erregimenak (jabetza, lurrazaleko eskubidea edo alokairua) edo adjudikatzeko prozesua.
Dokumentua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da orain eta, 30 lanegunen ondoren, alegaziorik aurkezten ez bada, behin betikoz onartuta geratuko da. Ondoren eskatzaileen erregistroa irekiko da izena emateko.
Udalaren jarduketa bat da herritarrek etxebizitza neurrizko prezioan lortu ahal izatea errazteko. Lehentasunezko helburua da etxebizitza babestuek beren pisua handitzea udalerrian, etxebizitza libreen merkatuetara arrazoizko ahaleginen bidez iritsi
ezin diren herritarren premiak hobeto asetzeko tresna moduan.
Ordenantza honen bidez, Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroa sortuko
da, denboran izaera irekia izango duena. Bertan jasoko dira Lasarte-Oriako herritarren eskaerak, non, betekizun batzuk betetzen dituztelarik, promozioetan adjudikatario izan baitaitezke.
Promozioetan parte hartzeko interesa duen edozein pertsonak behar bezala inskribatua egon beharko du aipatutako erregistroan. Inskribatutakoek Lasarte-Oriako Udalak eskaintzen dituen promozio guztietan parte hartu ahalko dute, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira. Izen-emateek gehienez 5 urteko indarraldia izango dute, eta eskabide baten bidez berritu ahalko dira. Erregistroa zabalik egongo da epe-mugarik gabe. Nolanahi ere, sustatzen den promozio bakoitzean, inskripzioak ixteko epe bat ezarriko da.
Ezinbesteko baldintzei dagokienez, derrigorrezkoa izango da etxebizitzarik ez edukitzea ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez eta lurrazaleko edo gozameneko eskubidean, eskabidea egin aurreko bi urteetan. Baldintza bera izango da garaje eta trastelekuentzako.
Etxebizitzak Lasarte-Oriako bizilagunentzat izango dira, betiere gutxienez azken 5 urteetan udalerrian erroldatuak badaude, edo azken 20 urteetan gutxienez 10 urtez erroldatuta egon badira. Baldintza hori bizikide-unitateko kide diren titulargaietako batek gutxienez bete beharko du.
Etxebizitzen adjudikazioa lurrazaleko eskubideko edo alokairuko erregimenean izan ahalko da babes ofizialekoen kasuan. Tasatuak jabetzako erregimenean ere adjudikatu ahalko dira.
Lurrazaleko eskubideko promozioen kasuan, 75 urtez izango da, promozioak zehazki beste ezer esaten ez duen bitartean. Alokairuan eskuratzeko erregimena 5 urterako izango da, salbu eta promozio jakin batek besterik estipulatzen badu. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du eta urtebeteko aldietarako luzatuko da 5 urtetan.
Diru-sarreri dagokienez, gutxienekoak eta gehienekoak honela zehazten dira. Babes ofizialeko etxebizitzen alokairurako, 3.000 eurotik 35.000ra. Babes ofizialeko etxebizitzen lurrazalaren jabetza eskuratzeko, 9.000tik 35.000ra. Erregimen bereziko etxebizitza tasatuak erosteko, lurrazaleko eskubidea eskuratzeko eta alokatzeko, 12.000 eurotik 45.500era. Erregimen orokorreko etxebizitza tasatuak erosteko, lurrazaleko eskubidea eskuratzeko eta alokatzeko, 12.000 eurotik 52.500era.