Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak aurretik Xpression kultur elkartearekin sinatutako hitzarmena berritu du 2010erako. Horren bidez, musika estilo ezberdinetako taldeek bisitatuko dute udalerria eta, berrikuntza moduan, bakarrizketak ere izango dira.
Bere baitan 13 emanaldi hartzen dituen urte osorako akordioa da eta Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian izango dira horiek.
Lasarteoriatarrei aisialdirako aukera berri bat eskaintzetik dator hitzarmenaren ideia, 2008ko urrian martxan jarri zen lehenengoz. Kontzertuak ostiraletan izango dira, hamabost egunero 20.00etan. Lehen hitzordua urtarrilaren 22an izango da.
Hitzarmenak berak jasotzen duen moduan, Lasarte-Oriako Udalak 3.950 euroko laguntza emango dio Xpression elkarteari eta, horren truke, honek bere azpiegitura jarriko du ekitaldietarako, koordinazio eta gestiotik hasita emanaldiaren publizitateraino.
Gainera, Gazteria eta Festetako sailak udalerriko irabazi asmorik gabeko GKE, entitate eta taldeei eskaintzen jarraitzen die Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegiko zerbitzua beren gain hartzea Xpression zirkuituko kontzertuetan. Sailak udalerriko agente ezberdinak bere ekintzetan inplikatzeko lanari jarraipena ematen dio horrela eta, aldi berean, lagundu egiten die beren kausan.
Ekimen honen bidez, kafetegiko zerbitzuarekin lortzen den diru sarrera taldeak duen helburuan laguntzeko izango da. Kafetegiko zerbitzua hartzeko eskaera instantzia bat beteta egin behar da Udaletxeko Erregistroan. Egunen banaketa jasotzen diren eskaeren arabera egingo da. Azken kontzertuetan Lasarte-Usurbil Institutuko ikasleak izan dira arduradun eta datorren urterako udalerriko GKE baten eskaera ere badago.