Lasarte-Oriako Udaleko Alkatetzak administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztuko du Usurbilgo Arau Subsidiarioen aldaketaren kontra, horren helburua baita Atsobakar auzoan konposta egiteko planta jartzea.
Neurri hau PSE-EE udal taldeak aurkeztutako mozio baten bidez onartu da Plenoan. Udalak aurrera eramaten diren neurrien jarraipena egingo du eta proiektu hori saihesteko legezko egintza guztiak burutuko ditu. Era berean, mozioan eskatzen da alegazioak aurkeztea Usurbilgo Udalaren UEU 108-3 xehetasun estudioaren kontra.
Aurkeztuko den helegitearen eta orain arte hartu diren neurri guztien helburua da lasarteoriatarren interesak defendatzea, izan ere, planta hori jartzeak murriztu egiten ditu ondoko lur-zatiak beste edozein erabilerarako bideratzeko aukerak, bai jolas-jarduerak bai kirol-jarduerak, mota horretako instalazioek sortzen dituzten arazo eta eragozpenengatik.
Gauzak horrela, Lasarte-Oriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari premiaz eskatzen dio proiektuan esku hartzeko, bi Udalen arteko bateragarritasun plana eraman behar duen proiektuan, hain zuzen ere. Konposta egiteko plantak Atsobakar auzoan eta Froilán Elespe Parke Botanikoan dagoen hezegunean izan dezake eragina.
Era berean, Lasarte-Oriak premiaz eskatzen dio Usurbilgo Udalari alde batera uzteko planta Lasarte-Oriari erantsita dagoen gune batean egiteko saiakera, partzela horretan kirol jardueretarako erabilera garatzen uzten.